XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KRISIALDIAREN GURPILEAN

Mendebaleko Europa zaharra, azken urteotan larridura gaitzak jasaiten ari da.

Bere egitura ekonomikoa kordoka larrian zabukatzen zaio.

1973garrena, Europaren urtea deituratu zuten Nixon-Kissinger bikoteak.

Baina aipatu urte hura, osoro biribiltzerik ez zuten ukan, tartean Ekialde Hurbileko istilua sortu zen eta Nixon-Kissingerrek, Europa umezurtz utzirik, bizi-bizi, Dayan begibakarraren heriosugarra arrazoibideratzera, egin zuten.

Eta Europaren urtea pikutara joan zen.

Maiz askotan, politikoen esaldi eta aitorrak bi mizto izaten du.

Europaren urtea, ez zen sortu europatarrei legozkieten barne-eginbideak taxutzearren; aitzitik, Estatu Batuek Europari zegokiolarik, burutu nahi zuen egitamuagatik.

Beraz Europaren urtea funtsean USAren aldarria zen, eginkizun sakon bat eta helburu bikoitza.

Bata: Europa Amerikanoen estratejia atlantikoari, diogun amerikatarren imperialismoari, lehenaz gain atxititzea.

Bestea: Yankitarren ekintza orokarrean, Europako komunitatea eragozpide gerta ez dadin, inolazko modu guztiak egitea.

Krisialdi hauetan dakusagunez Europak oraindik bide luzean ibili beharra daduka, hirugarren potentzi indartsu bat izan dadin.

Integratze handiago, batasun gehiago eta europatarrei lotuagoko politika bide zehatzago baten premian dago, gaurko Europa.

Nazio arteko diru krisisa, europatarrek, bakoitzak bere gisa konpondu dute, edo konpontzea nahi dute, Bretaina Handiak, Merkatu Batuari lotu zitzaion bezain laster, bere diru-libera Mendebaleko sistema parekatzailearen baitara eman ordez; diru korronte orokarraren uhin gainean utzi zuen.

Italiak eta Frantziak ere jokabide berdina daramatela esan dezakegu.

Europaren interes bateratzailei baino nor beren opilak sugartzen gehiago saiatzen dira.

Gaurko Europa, Yalta eta Potsdango ondorio da, hein handi batez bederik.

USAren helburu imperialistak erro erroan sartu ziren bigarren Mundugerrateko Europaren eraikitasunean.

1945garrengo Europa akitua, norabiderik gabe USAren atzaparretan gelditu zen.

Baina Europa kapitalista indarge bat Yankitarrei ez zitzaioten komeni.

Gerla osteko Munduaren politika banaketan, USA-k Mendebaldea sobietdarren eragipenetik libratu nahi izan zuen.

Alemania menperatua zen honetan giltzarri.

Ameriketarrek, dirutza gaitza xahutu zuten Alemania Federalaren birreraiketan.

Ez alferrik eta hutsaren truketan ordea! Amerikatarrak oso urrutira begiraturik ari ziren, gerorako oinarriak sendo tinkatzen eta imperialismoaren zerbitzura Europa makurrarazten.

Geroztik, Mendebalde guziak arrunt amerikatartua izanaz dirau.

Frantziak, agian bere xaubinismoagatik?, Estatu Batuen azpikeriak salatzeko sena berezia izan du.

De Gaulle bera 1962an Cubako misilen krisisa zelarik eta Pompidou iazko Urrian biziki zorrotz mintzatu ziren Europa marjinatuaren faboretan.

Giscard d'Estaing badirudi, oraingo aldian bederik, haserreak utzi eta amerikatarrei hurbil zatzaiola.

Eta ene ustetan hau atzerakada litzateke, zeren Frantzia bere huts guztiaz ere Europa Batuago baten kontzientziagile izan baita.

Ekialde Hurbileko matxinadan, Arabe eta Juduen arteko gudaketaren gainetik, Yanki eta sobietdarren itzala dago.

Bakoitzak bere barrutia ongi zimaurtzen du.

Eta Europaren eraginik ia ez da nabaritu ere egiten.

Petrolioaren krisialdi eta garestiketak, Merkatu Batua lozorroan, eskugurutzaturik arkitu du, noraezean zer egin asma ezinik.

Petrolioaren garestitze hutsak, Japoni, aurtengo urtean iazkoan baino hamar mila miloi gehiagoren kutxatzea dakarkio.

Frantzia, Italia eta Alemaniari bost mila miloi.

Eta Bretaina Handiari zazpi mila miloiren zama astuna erantsiko dio.

Eta zer gertatuko da surrumurruek dioten bezala laster berriro garestitzen bada...?

Harrigarrizko datoak ezagutu ditugu oraintsu.

Mendebaleko Europa guztia petrolio gordinaren garestitzeak gorniturik utzi duen aldi berean; EXXOM (lehenago ESSO zeritzana) petroliosaltzaileak, urte honen lehen hilabetetan lehengo irabaziak ehuneko berrogeitan gehitu du.

MOBIL OIL-ek % 65, GULF OIL-ek % 179, TEXAKO-k % 120 etab.

Kissinger-ek konponketak egiteko ahalmen harrigarria duela frogatu du, azken garaiotan.

Ekialde Hurbilean usuenik ibili delarik, Europa ez du aintzakotzaz hartu ere egin.

Eta Ekialde Hurbiletik, Europa erabat marjinaturik dago gaur egun, petroliosaltzaileen maniobrei so ezinbestean.

Ipar Amerikari ez zaio komeni Europa Batu tinko bat.

Hau sekula ez dute gogozko izanen.

Amerikanoek, Europa Aliantza Atlantica deritzaionaren morrontzan erabili nahi dute.

Krisialdi honek erakutsiko ahal digu Europatarroi nondik jo behar dugun?

ANATSAN.